XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta esnea dario lurrari, ardoa dario, erle nektarea dario.

Siriako intsentsu ke bailitzan, Bako, bere futan pinuzko gar kiskalgarria duela, arrapaladan abiatzen da, eta bere lantzez alderraiak kilikatzen ditu eta bere heiagorez zirikatu eta bere adats samurra haizetara askatzen du.

Eta kantuen bitartean zera oihukatzen du: zoazte, bakante horiek, zoazte urrezko urlasterdun Tmoloko bakante eztitsuok, abes egiozue Dionisori soinu ozendun atabalen konpasera, txilibista sakratu eta armoniatsuak abesti sakro eta armoniatsuak entzunarazten dituenean, mendiek errepikatzen dituztenekin batera, aupaden jainkoa goretsiz, frigiar oihu eta heiagorez.

Eta bakanteak atsegintsu, bere amarekin larrean dagoen moxalak bezala, dantzetan bere oin arinak mugitzen ditu.

TIRESIAS - Nor dago atean?

Dei egiozu etxetik kanpo Kadmori, Agenoren seme, Sidon hiria utziz, Tebasko gotorleku hau dorrez inguratu zuena.

Zoaz, zarena zarela ere, jakineraz iezaiozu Tiresias haren bila dabilela.

Berak badaki zergatik natorren, eta nik, agure honek, ni baino zaharragoa den beste batekin ezarri dudan ituna: abarragei heldu eta oreinkume larruak jantzi eta burua huntzosto adaxkaz koroatzea.

KADMO - O!, nire lagun hori!

Zuri entzutean zure ahotsa ezagutu dut barrutik bertatik, gizonezko jakintsuaren ahots jakintsua.